XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer da publikoa izatea? Publiko kontsidera daitekeen edozein erakundek ematen duen zerbitzu bezala, ikastolok heurek ematen duten zerbitzuaren kostoa hutsezkoa izatea dute helburutzat.

Dohango zerbitzua beraz; eta guzti hori finantziaketa publiko baten ondorengo modura ulertuta.

Baina arazoa, egungo auzia berriz, ez da orain esan bezain sinplea.

EUSKAL HERRI BAT, HIRU EGOERA ADMINISTRATIBO.

Ikastolen mogimendua Euskal-Herri osoari dagokion errealitatea da, eta ondorioz ikastoletatik aldarrikatzen den publikotasunaren nahia euskal lurralde guztiei dagokie.

Hau esanda, lehenengo oztopoa begi bistakoa da, hots, Euskal-Herriko ikastolek hiru egoera administratibo ezberdinei erantzun behar dietela, Frantziaren menpeko Pirineo Atlantiarretan dauden ikastolak, eta Espainaren menpeko, batetik Nafarroako ikastolak eta bestetik Euskal Lurralde Autonomokoak ditugularik.

Zatiketa honek legedi ezberdinen araberako instituzionalizatze prozesu ezberdinak sortu ditu, egun aurrean ditugun bilakaera uneak ere zeharo diferenteak diralerik.

Iparraldean ikastolen normalizazio juridiko legeztatze momentuan aurkitzen da, oraintxe lehenengo diru laguntzak bideratzen hasten direlarik; Nafarroako egoera ere ez da askoz hobea, Espainako Konstituzioa eta Foruen Amejoramenduaz arauturik euskal irakaskuntza zonas de predominio lingûístico vasco delakoetara mugatzen da, gainontzeko ikastola guztiak edozein eskola pribatu bezalaxe hartzen direlarik; Autonomi Estatutoak arautzen dituen Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ikastoletan marko politikoa aldatzetik espero zitezkeen fruituak eman ez diren arren instituzionalizatze prozesu honetan aurreratuen dagoen egoera dugu.

Euskal Lurralde Autonomoa deritzona hartuko dugu gure gogoeta honetarako abiapuntu, goian aipatu dugun bilakaeragatik, baina ez genuke azpimarratu gabe utzi nahi ikastolek beraiekin aurreragorako garapenean nazio mailako erakunde bezala gorpuztea dutela helburu, eta beraz, Euskal Eskola Publikoaren eraiketarako ezinbesteko baldintza.

EGUNGO MARKO JURIDIKOA; KONSTITUZIOA, ESTATUTOA, ETA LODE.

80. hamarkadarekin batera ikastolak eta administraritzaren arteko harremanak normalizatzeko epea hasten dela esan dezakegu.

Hala ere 1980. urtea aurretik, ikastolek nortasun nahikoa hartzen zuten neurrian, administraritzak emaniko lehenengo subentzioak lortu zituzten, nolabaiteko legeztatze juridikoaz hornitzen zirelarik.